XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pedro Miguel Etxenike: Eusko Jaurlaritzak UEU lagundu beharra dauka

Pedro Miguel Etxenikek, gaur egun UHU-UPVko Fisika katedratikoa dena eta Garaikoetxearen lehen Gobernuan Hezkuntza eta Hizkuntza sailburua izandakoak, ustegabeko zein ulergaitzatzat jo du Gasteizko Gobernuak UEUn orain arte emandako diru laguntza mozteko erabakia hartzea.

Atzoko egunean, Larraona ikastetxean eta UEUko XVI. edizioaren barruan J. M. Pitartek aurkezturiko tesia entzutera zetorrenean egindako adierazpenetan Etxenikek euskararen zabalkundean ari den UEUren babespen ekonomikoa eta bere lana jarraitzeko beharrezkoa den diru laguntza Baskongadeetako Gobernuari berari dagokiola eta ez Unibertsitateari azpimarratu zuen.

Euskararen zabalkundean eta bere aldeko lan ona eta seriotasunez egindakoa denez, adierazi zuen Euskararen legearen arabera erakunde honi lagundu egin behar zaio eta zeregin hau, ene ustez, Gobernu berari dagokio eta ez Unibertsitateari edo Hizkuntza Idazkaritzari.

Etxenikeren ustez, bera Gobernuan zegoenean sorturiko Euskararen legeak argi eta garbi jartzen du euskararen alde diharduten erakundeei eman beharreko laguntza Gasteizko Gobernuari dagokiola, laguntza hau ez gauza berezia bezala baizik eta beste erakundeei laguntza ematen zaien bezala eman behar zaie.

Gainera, gaineratu zuen Euskararen Legean UEU, eredu bat, adibide eta lagundu beharreko ekintza bezala agertzen zen.

Nire ustez, zeregin hau Hezkuntza eta Hizkuntza sailari dagokio eta honek UEU lagundu egin beharko luke.

Etxenikeren eritziz, UEUren zeregina inportantea da, batez ere euskaldunen topagunea eta Euskal Herri osora zabalik dagoen erakundea delako.

UEUren funtzio bat Unibertsitate mailan dabiltzan euskaldunen biltokia izatea da, eta bestea, eta honi nik garrantzi haundia ematen diot gauzak nola doazen ikusirik, batipat UEU Euskal Herri osoari, bai Nafarrotik, elkarte autonomikotik nahiz Iparraldetik etorritako jendeari zabalik dagoen erakundea izatea da; niretzako UEU batasun territoriala lortzeko gelditzen zaizkigun ereduen artean inportanteenetako bat da.

Gasteizko Gobernuaren erabakia ulertezina eta zentzu gabekoa bihurtzen da Etxenikerentzat, are gehiago Nafarroako Gobernuak laguntza eman duela ikusi ondoren.